Infantilak
Prestaketa fisikoaren garapena jolas bidez
> Lan Filosofia
Kategoria honetan, gaitasun fisiko ezberdinak
joko anitzen bidez landu daitezkeela kontutan izan behar dute entrenatzaileek.
Nondik datozen ikusita ( benjamin eta alebinetan joko bidezko lana eta
kirol aniztasuna egitetik ), bide berdinetik jarraituko da lanean baina
kontutan izanda kirol bakarrean zentratuko dela eta ondorioz espezifikotasuna
naturalki barneratzen joango da. Beraz, kategoria hau, hurrengoarekiko
zubi bezala planteatuko da, hau da, egiten diren zenbait joko eta ariketek
ukitu espezifikoa izan behar dutela kontutan hartuta. Hemen jada eskubaloia
landuko dugu, eta honetan espezifikoagoki murgilduko gara, lan kopurua
gehitu egingo da, eta honekin batera eskubaloiaren helburu tekniko-
taktikoak lantzen hasiko gara.
Entrenamendu saioak bideratuak izango dira, baina inoiz ez errepikakorrak,
saioek eramangarriak eta dibertigarriak izan behar dute, honetarako,
lana ez da teknika soilekoa izango, oposaketak erabiliko ditugu, horrela
erabakiak hartzera behartuz. Joko egoerak helburuen arabera modifikatuak.
Entrenamendu saioak ondo prestatzeaz gain entrenatzaile batek, lehen
aipatu dugun moduan, funtzio batzuk izan behar ditu kirol taldea ondo
eramateko, entrenatzaileak zuzenketak egin behar ditu saioen barnean
denek dakigun bezala, baina hau ez da entrenatzailearen funtzio bakarra,
ezta nagusiena ere. Entrenatzailearen funtzio nagusiak adin hauetan
( adin bakoitzean gauza ezberdinak begiratu behar baitira) afektiboak
dira: talde giro egoki bat sortu, haurrei konfiantza eta animo handia
ematea, eta honetaz gain, umeek erantzunkizunak hartzen hasi behar dute,
eta hau ere izango da entrenatzailearen lana: materiala errespetarazi,
entrenamendu eta partiduetara asistentzia bultzatu, kideak errespetatu...
Jokoak ariketa espezifikoekin uztartzearen arrazoiak ezberdinak dira,
baina garrantzitsuenen artean nerabeek kirola egiten jarraitzea kokatu
dezakegu; kontutan hartu behar da, garai hau nahiko kritikoa dela haurrentzat,
jasaten dituzten aldaketa fisiko eta emozionalengatik eta ondorioz askok
kirola uzteko joera izaten dutela. Beraz, jokoen bidezko lana beraien
motibazioa bultzatzeko elementu oso garrantzitsua dela argi dago. Honekin,
argi utzi nahi dugu garai hau nahiko zaila baita emozionalki umeentzako,
teknika eta taktika erakusteaz gain, umeek pertsona bezala eta afektiboki
progresatzea ere lortu beharko dugula.