Benjaminak - Helburuak

Kirolgela birtualaren web orrirako esteka
Benjaminak
Helburuak
Landu behar ditugun helburuak zehazteko gure haurren ezaugarriak kontuan hartuko ditugu. Oro har, lehen aipatu ditugun ezaugarriak izango ditugu irizpide helburu nagusiak planteatzeko. Helburu nagusi hauek mugikariarekiko harremana, esparruarekiko harremana, beste jokalariekiko harremana, arautegiarekiko harremanak, norberaren gorputzaren ezagutza eta gaitasun fisikoak eta baloreak landuko dituzte eta hortaz gain, ahaztu ezin dugun helburu bat planteatuko dugu: ondo pasatzea. Horrela, benjaminekin planteatuko ditugun helburuak hauexek izango dira:

Mugikariaren erabilpena eta egokipena:
Haurrak oraindik ez ditu bere ahalmen motorrak guztiz garatuak. Horregatik, baloia hartzeko eta kontrolatzeko arazoak ditu (koordinazioa, indarra eta horrelakoak garatu ahala hobetuz joango dira). Gainera, adin hauetan baloiari beldurra diote. Helburu hau lantzeko, familiarizazio jolasak erabiliko ditugu; era guztietako baloiak erabiliz, hankaz zein eskuz jolastuko dugu... Gogoratu behar dugu, kategoria honetan hiru talde kiroletan parte hartzen dutela eta horregatik, era guztietako baloiak erabiltzeko ahalmenak landuko ditugu.

Esparruan mugitzea:
Haurren portaerak ikusten baditugu, haurra zelaian edo joko eremuan galduta dabilela ohartuko gara. Normalean, haurraren erreferentzia baloia da (ez atea ezta beste jokalariak ere) eta denak baloiaren atzetik mugitzen dira. Pixkanaka landuko dugu helburu hau eta horretarako orientazio jolasak erabil daitezke (joko eremua ezagutzeko lasterketak, baloia kenduz eta harrapaketan ibili, ateak kolore ezberdinez margotu....).

Jokalarien arteko harremanak:
Arestian aipatu dugunez, 8 eta 10 urte arteko haurrak oso egozentrikoak dira. Hau da, baloia hartu eta beraiek bakarrik bukatu nahi dute jokaldia; edo, behintzat, bukatzen saiatzen dira. Gainera, ez dituzte bere taldekideak bilatzen eta jada badakite beraien taldekideen artean onak eta txarrak ezberdintzen. Gauzak horrela izanda, gure lana pixkanaka talde lanean sartzea izango da. Baina lan hau astiro egingo dugu. Hasteko berak bakarrik jolastuko du, gero taldekide baten laguntzarekin... azkenean egoera errealean parte hartuko du. Hala ere, pazientzi handiko lana izango da hau. Jolasen arauak aldatuz posible izango dugu helburu hau lantzea.

Arautegiaren oinarrizko ezagupena:
Ikusi dugun bezala, arauak ulertzeko arazoak baditu, arautegiari buruz ia ez daki ezer, arraroa egiten zaio zelaiaren zati bat ezin zapaltzea, eta abar. Astiro-astiro minieskubaloiaren arauak ikusiko ditugu; batez ere, oinarrizko arauak. Hau da, boteak, bikoitzak, areak, eta atezaina eta jokalaria ezberdintzen. Aipatu dugunez arauak ulertzeko arazoak izango dituzte, beraz, praktikatzen ditugun jolasek oso arau sinpleak izango dituzte (hobe da joko baten aldaera beste joko bat izango balitz bezala azaltzea; bestela haurra nahastu egingo da eta jolasean zuen interesa galduko du).

Norberaren gorputza ezagutu eta gaitasun fisikoak hobetu:
Adin honetan haurrak beraien gorputzaren gaitasunak hautematen hasten dira, bai indarra, abiadura, erresistentzia, oreka, koordinazioa, lateralitatea etab.... Horregatik aspektu guzti hauek hoberen landu ditzaten ahalik eta ariketa eta jarduera mota anitzenak proposatu behar dira.

Baloreetan hezi:
Kirolak egoera aproposak sortzen ditu balore ezberdinak lantzeko. Aspektu honetan begiralearen lana oso handia da, berak eman beharko baitizkie argibideak haurrei. Kirolarekin landu daitezkeen balore aipagarrienak hauek dira: Errespetua, tolerantzia, elkartasuna, ekidetza, berdintasuna,bakea, natura zaintzea...

Ondo pasatzea:
Ezin dugu ahaztu haurrak eskola kirolean ondo pasatzeko ematen duela izena. Beraz, gure helburuetako bat entrenamendu saio atseginak burutzea izango da. Gainera, dibertitzen garenean askoz gehiago eta gusturago ikasten dugula kontuan hartu behar dugu. Hortaz gain, haurrak hurrengo urteetan eskola kirolean parte hartzea interesatzen zaigu (lana aldika egiten baita eta jarraipena behar da) eta horretarako ezinbestekoa da haurrak ondo pasatzea entrenamendu saioetan.


Benjaminekin landuko ditugun edukiak helburuek markatzen dituzte, beraz aldi honetan hurrengo edukiak ikusiko ditugu:
  • Baloi harrerak
  • Baloi kolpeoak
  • Baloi kontrolak
  • Baloi gidapenak.
  • Jaurtiketak
  • Mugimenduak (oinarrizko mugimenduak)
  • Gure eta aurkariaren atea ezberdintzen
  • Paseak
  • Besteen kokapenak
  • Jokoaren helburu orokorra
  • Debekatutako zonak, gola sartzea...
  • Minieskubaloiaren arautegia
© 2008 Kirol Zerbitzua | Legezko Oharra
enlace directo al menú principal de navegación. enlace directo al submenú de esta opción enlace directo al contenido de esta sección.