Kadeteak - Helburuak eta praktikan jartzeko Baliobideak

Kirolgela birtualaren web orrirako esteka
Kadeteak
Helburuak
Maila honetan jada, ezaugarrietan aipatu bezala, umeek fisikoki eta kognitiboki aurrerapen handiak ematen dituzte, eta garapen honek era egokian jarrai dezan, helburu nagusi batzuk planteatu behar dira. Ardatz berean jarraituz guk planteatutako helburuak baloiarekin, espazioarekin, besteekiko erlazioekin eta arautegiarekin dute zerikusia. Honetaz gain maila honetan, atezainaren berariazko postua lantzen hasiko gara, orain arte ez baitugu berariazko posturik landu behar izan. Honez gain, eta maila guztietan bezala, ondo pasatzea (dibertitzea) helburu nagusi bezala planteatuko dugu.

Jasandako aldaketak barneratzea, garapenak bere bidea jarrai dezan:
haurrak, garai honetan ( nerabezaroa ) aldaketa handiak jasaten ditu bere fisikoan. Entrenatzailearen lana, aldaketa hauek ahalik eta eragin negatibo gutxien izatea da eta haurra bere egoera berrira egokitu dadila.

Koordinazioan ematen diren hobekuntzak aprobetxatu teknikoki hobetzeko:
Maila honetan jada, baloiaren egokipena eta erabilpena menperatua dago, umeak ez du baloiarekiko beldurrik, eta hau hartzeko eta erabiltzeko gai da. Orain arte, ordea, ez dugu keinu tekniko espezifikorik landu, eta hau izango da lantzen hasteko momentua, koordinazioan ematen den garapenak ahalbideratuta. Maila honetan zuzenketak egiten hasiko gara, bai entrenatzaileak eta baita umeen artean ere. Zuzenketa hauek beti era egokian egingo dira, keinu egokia esplikatu eta umea hau egoki egitera bultzatu. Helburu hau garatzeko erabiliko ditugun joko eta ariketek ez dute errepikakorrak izan behar, orokorrean ez dugu umea pareta baten aurka paseak egiten jarriko pasatzen ikas dezan, ahal den adinean joko egoeran jarriko dugu umea, erabakiak har ditzan, eta honela teknika menperatzen ikasiko du, taktika ere lantzen duen bitartean.

Espazio librearen bilatzea:
Umeek adin hauetan jada espazioa egoki menperatzen dute, hala ere umeek garai honetan beti erdirantz joateko ohitura dute, lekurik errazenera joaten dira gola sartzeko asmoz, eta honela, eskubaloiko zelaia estutu egiten dute, eta jende gehiago pilatzen da espazio txikiagoan. Holaxe, guk zelaia ahalik eta hoberen erabiltzen saiatu behar dugu, horretarako gure umeei zabalera eta sakontasun printzipioak erakutsiko dizkiegu zelaia hobeto aprobetxatzeko, eta honekin espazio libre gehiago aurkitu ahal izango ditugu eta hauek aprobetxatzen erakutsiko diegu umeei. Hau lantzeko ariketa ezberdinak egingo ditugu, desmarke ariketak (besteek eta bakoitzak ireki edo libre ikusi dituen espazioak aprobetxatuz) espazio handiago eta txikiagoko ariketak (gero ikus dezaten nola aprobetxatu behar diren espazio hauek) fijazio ariketak (honela defentsa erakarriz espazio libreak handituz).

Prozedura taktikoen azalpen eta ezagutzea:
Jokalaria jada kategoria honetan bai lagunak eta bai arerioak ikusteko eta bere kokapena ezagutzeko gai da, baita hau aprobetxatzeko ere. Eta garai honetan mugimendu berezi batzuk ikasteko eta lantzeko gai da, mugimendu hauei prozedura taktikoak deritzaie (pasea eta badoa, gurutzatu, blokeoa, arerio aldatzea, kontrablokeoa.) , eta hauekin ikasiko ditu kideekin komunikatzeko bide berriak (bai defentsan eta bai erasoan), berariazko mugimenduak, arerioaren aurrean daudenean erabakia hartzeko aukera gehiago izan dezan. Hau lantzeko erabiliko duguna progresio bat izango da, ariketa ezberdinen bidez, honela lehenengo zergatik eta nola erabiltzen diren erakutsiko diegu, ariketa mota guztiak erabili daitezke, baina garrantzitsuena errazetik -zailera, espazio handitatik- txikitara (erasoan). izango dira.

Eskubaloiaren araudia menperatu:
Gai dira eskubaloiko arautegia ulertzeko, beraz lortu behar duguna izango da, eskubaloia ezagutzea, errespetatzea, eta jolasten jakitea araurik hautsi gabe. Hau garatzeko joko ezberdinak plantea ditzakegu arautegiko zatiak hartuz eta jokoak hauen arabera moldatuz. Garai honetan ere hasiko da arautegiaren barnean lehenago garrantzi gutxiago ematen genien gauzei garrantzia ematen, aldaketak nondik egin, faltak ateratzeko distantziak, 7mko jaurtiketetan hanka mugitzea. Garai hau oso aproposa da arautegia ikasteko eta menperatzeko, hemendik gauza asko ikasi baitaitezke.

Atezainaren oinarriak ezagutu:
Orain arte ez dugu berariazko posturik finkatu zelaiaren barnean, baina infantiletara iristean atezaina eta zelaiko jokalariak ezberdintzen hasiko gara (oraindik zelaiko jokalariak ez dira inon ere espezifikatuko, hau da, postu guztietan ariko dira). Honela besteekiko oso funtzio ezberdina duen postua ikusiko dugu, atezainarena. Hau lantzeko ariketa eta joko ezberdinak landuko ditugu, hasiera batean baloiari beldurra kentzeko (ez dio baloia pasatzeari beldurra baina orokorrean jaurtiketa gogorrek beldurtzen dute atezaina), gero ateko berariazko mugimenduak, hauek mugimendu teknikoak dira eta horrela erakutsi behar dira, lehenengo nola egin ikasiko du eta aurrerago berak erabakiko du zein mugimendu egin jaurtiketa baten aurrean. Beraz, hasera batean mugimenduak ikasten joango dira atezainak gero praktikan jarri ahal izateko. Halere, aipatu behar da atezaina lehenengo erasotzaile bezala kontsideratua dagoela, beraz, paseak eta horrelakoak egiten ere jakin beharko du, eta, zelaiko jokalariekin batera entrenatzen, ondo etorriko baitzaio.

Ondo pasatzea:
Aurreko aldietan esandakoaren bera aipatu nahi dugu: ezin dugu ahaztu haurrak eskola kirolean ondo pasatzeko izena ematen duela. Beraz, gure helburuetako bat entrenamendu saio atseginak burutzea izango da. Gainera, dibertitzen garenean askoz gehiago eta gusturago ikasten dugula kontuan hartu behar dugu. Hortaz gain, haurrak hurrengo urteetan eskola kirolean (edo federatutan aldiz pasaz gero) parte hartzea interesatzen zaigu (lana aldika egiten baita eta jarraipena behar da) eta horretarako ezinbestekoa da haurrak ondo pasatzea entrenamendu saioetan.

Aurkari, epaile etabarrekiko errespetua landu:
Garai honetan oso garrantzitsua da haurrak besteen paperean jartzea enpatia landuz, horrela ikus dezakete gauzak ez direla dirudien bezain errazak. Nerabeak jakin behar du bere buruaz eta bere taldeaz gain besteekin elkar erlazionatzen.

Talde kontzeptuaren barne, familia integratu:
Nerabeek ikusi behar dute beraien taldearen funtzionamendu egokiarentzako ezinbestekoa dela familiaren ekarpena. Desplazamenduak, klub-taldearen ekintzetan laguntza...

Aldaketei egokitu eta hauek ahalbideratzen dituzten hobekuntzak landu:
Adin honetan aldaketa asko ematen dira denbora gutxian, honela, gaitasun fisikoak espezifikoki lantzeko aukerak areagotzen dira eta hauek aprobetxatu egin behar ditugu nerabearen gaitasun bakoitzari ahalik eta onura handiena ateratzeko.
© 2008 Kirol Zerbitzua | Legezko Oharra