Malho-k edozein joko egoeran erabiltzen
ditugun adimen prozesuak zehazten ditu. Prozesu hauek kontuan hartu
behar izango ditugu gure ikas egoerak edo joko egoerak planteatzean.
Malho-k zehazten dituen prozesuak ez dira kirol edo jokoetan bakarrik
gertatzen, baizik eta gure bizitzako edozein egoeratan. Malho-ren ekintza
taktikoak haurraren osotasuna islatzen du:
- Lehenik joko egoera HAUTEMAN; adibidez baloia daukat, atetik
10m-tara eta ez dut inor nire aurrean.
- Hautemandako egoera hori INTERPRETATU; aurreko adibidearekin
jarraituz, ni eta helburuaren artean defendatzailerik ez dagoenez,
errazagoa dut gola sartzea.
- Interpretazio honen arabera zer egin ERABAKI; atera gerturatuko
naiz jaurtiketa 6 metrotatik egiteko.
- Hartutako erabakia EKINTZA bihurtu; jaurtiketa egin dut
atetik 6 metrora.
- Azkenik, ekintzaren emaitza EBALUATU; gola sartu dudanez,
arrakasta lortu dut eta beraz, egoera berdina aurkeztean, badakit
orain egindakoa aukera egokia izan daitekeela.
Guzti honen adierazpen sakonagoa hurrengo mapa kontzeptualean ikus
daiteke, goiko azalpena prozesuaren laburpen baten moduan uler dezakegularik.
Begiraleak ekintza nola egin behar den esaten badio haurrari, honen
hautemate, interpretatze eta erabakitze faseak ez ditu landuko (egoera
ezberdina baldin bada, haurrak ezin izango du egokia den erantzuna eman).