Eskubaloi jokoaren barnean faseak mugatuko
dituena baloiaren jabetza izango da. Honela, baloirik ez dugunean hau
berreskuratzen eta golik ez hartzen saiatuko gara, eta baloiaren jabetza
dugunean gola sartzen eta era berean baloia mantentzen saiatu beharko
dugu.
Baloiaren jabetzarekin bi joko fase ezberdin topatuko ditugu, kontraerasoa
eta erasoa:
Kontraerasoa
Baloia berreskuratzean hasiko dugun fasea
izango da, defentsatik erasora igarotzeko fasea, bertan gure helburu
nagusia gola sartzea izango da, baloia dugun beti bezala. Berariazko
helburua erasorako trantsizioa ahalik eta azkarren egitea izango da,
hau da, erasora ahalik eta azkarren iristea.
Erasoa
Kontraerasoa amaitzean (golik lortzen ez
denean) eraso fasera iristen gara. Bertan, gure helburu nagusia berriz
ere gola sartzea izango da, eta bigarren mailako helburu bezala honako
hauek aurki genitzake:
- Baloia mantentzea
- Ahalik eta egoera egokiena bilatzea jaurtiketarako.
Hastapenean ez dugu bereizketa eta lantze berezirik egingo hauetako
fase bakoitzean, eta are gutxiago kontraerasoa, hau ez baitugu landuko
adin hauetan. Kontraeraso ariketa eta jokoak landu daitezke baina ez
helburu espezifiko horrekin.
Baloiaren jabetza ez dugunean ere bi fase ezberdin aurki ditzakegu:
"errepliegea" eta defentsa.
Errepliegea
Baloia galtzen dugun momentutik hau berreskuratzeko
lana egin behar dugu. Honekin batera, gure atea ahalik eta hoberen
defenditzen saiatuko gara, honetarako, gure defentsa posizioak hartuz.
Hau beraz, erasotik defentsara pasatzeko trantsizio fasea izango da.
Defentsa
"Errepliegea" amaitzerakoan, defentsa fasea
hasiko da, bertan bi helburu nagusi izanik:
- Baloia berreskuratzea
- Golik ez jasotzea
Helburu nagusi hauetaz gain beste helburu batzuk ere izango ditugu defentsa
barruan:
- Erasotzaileen progresioa eragoztea.
- Erasotzaileen jaurtiketak gelditzea eta hau ezinezkoa bada ahalik
eta deserosoen jaurtitzea.
Hastapenean defentsa indibiduala landuko dugu, eta hau izango da gure
defentsa. Maila hauetan debekatuta baitaude zonan egindako defentsak,
bakoitzaren garapen defentsiboa mugatzen baitu.